2012/04/02

HAURRAREN JOLAS-AROAK

Jean Piaget psikologoak hiru aro bereizi ditu haurren jolasetan. Haurraren bizitzaren lehenengo bi urtetan, jolasa sensomotorea da, hau da, bere mugimenduak ezagutu eta bere zentzumenak pizteko jarduerekin loturik dago eta jarduerak hauek aldatuz eta behin eta berriz errepikatuz gozamena lortzen du. Aro honen barnean ere, aldi zenbait bereizten dira: 6 hilabetera arte, haurrak aho, hatz, esku eta oinekin jolasten da, objektuak ikutuz eta zurrupatuz. Eseritzen ikasten duenean, objektuak ezaugarriak arakatuz jolasten da. Oinez ikasten duenean, gauzak arrastaka eramanez jolasten da. Gero eta trebezia handiagoz, 15-18 hilabeterekin objektuak manipulatzen ditu: kaxak ireki edota objektuak bata bestearen gainean jarriz. 

Bigarren aro batean, 2 urtetik 6 urtera bitartean, jolas sinbolikoa garatzen da. Errealitatean bizi edo jasotakoa eraldatu eta bere burura egokitzeari ekiten dio modu sinboliko batean. Adibidez, puxtarriak pilatuz, oiloak arraultzak erruten dituela irudika dezake eta panpinetan jolastuz alegiazko haurrak zaintzen ditu. Jarduera fisikoak ez dituzte baztertzen eta korrika eta saltoka egitea ere atsegin dute. Piageten arabera, jolas sinbolikoa haurraren egozentrismoa indartzeko aukera ematen dio, errealitatea bere nitasunera egokituz. 6 urtetik aurrera, haur-jolasen hirugarren aroa zabaltzen da, non haurrak erregelak dituzten jolasetan hasten den, jolaskide-talde batean kooperazioa eta lehia bereganatuz. Erregela-jolasen bitartez, haurrak errealitatea onartu egiten du. Aro honetan, gainbehera doa jolas sinbolikoa: haurrak errealitatea onartzen duen heinean, errealitatea jolas sinbolikoaren bitartez eraldatu baino, errealitatean parte hartzen joango da. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario