2012/04/20

DISLEXIA

Consecuencias del fracaso docente en los niños con dislexia. Taare Zameen Par

   

Algunos síntomas de la dislexia.
 Taare Zameen Par

Zer da dislexia?

Dislexia irakurketaren eta idazketaren ikaste prozesuari eragiten dion transtornoa da.Umeak dislexia badu ere,berarengan ez da inolako eskazia emozional,sentsorial(ikusmenaren edo entzumenaren arazoa)nahiz intelektualik antzemango.Transtorno hau orientazio espazialaren akatsekin edota ikus-koordinazioaren alterazioekin dago lotuta.
Haurrek zailtasunak dituzte:letren edo letra multzo baten bereizketa edota memorizazioa egiteko;letren kokapenean ordenaketa eta erritmo falta dute;esaldien estrukturazioa gaizki egiten dute etab.

Zerk eragiten du dislexia?
Dislexia kausa askok sorturiko efektua da eta kausa horiek bi multzotan banatu daitezke.Alde batetik,faktore neurofisiologikoak ditugu(nerbio sistemaren garapen geldoagaitik sortutakoak) eta bestetik,gatazka psikikoak ditugu(haurra bizi den inguruan dauden tentsio eta presioengatik sortuak).Faktore hauek oinarrizko problema multzoen eraketa eragiten dute eta problema hauek era berean,transtorno dislexiko gehienetan aurkitzen dira.Eta problema edo transtorno hauen larritasuna pertsonaren arabera aldatu egiten da.Dena den,badira gaixotasunak oinarri genetikoa eduki dezakeela diotenak ere.
Beraz,dislexia transtorno multzo baten manifestazioa izango litzateke eta transtorno hauek batzutan modu global batean ager daitezke edota modu isolatu batez.

Transtornoak hauek izango lirateke:

1.Lateraltasun txarra: Lateraltasunaren garapenean alterazioren bat aurkezten duten haurrek, ordenaketa transtornoak izaten dituzte espazioaren eta lengoaiaren ikusketan.Hauek era berean,dislexikoak duen problematikaren ardatza osatzen dute.Esango genuke, dislexikoen kasurik gehienak nagusitasun lateral mugatua ez duten haurrengan emoten dela.Lateraltasunak motrizitatean eragiten du eta gaizki definitutako lateraltasuna duen haurrak eskulanak burutzen traketsa izango da eta bere trazu grafikoak ez dira koordinatuak izango.

2.Psikomotrizitatearen alterazioak:Sarritan haur dislexikoak lateraltasun arazoekin edo arazorik gabe, beraien psikomotrizitatean alterazioak izaten dituzte(funtzio motore eta psikologikoen arteko erlazioa).Hau da,haurren mugimenduak orokorrean oso traketsak izaten dira.Haur dislexikoarengan anomalia hauek gainerako transtorno espezifikoekin lotuta daude: a)Erritmo falta:bai mugimenduak egiterakoan bai lengoaia erabiltzerakoan nabaritzen da.Irakurketan eta idazketan gaizki ezarritako pausak egongo dira. b)Ekilibrio falta:Ekilibrio estatikoa eta dinamikoa izateko zailtasunak izaten dituzte. Esaterako:oin baten gainean mantentzea,bizikletan ibiltzea, saltatzea... kostatu egiten zaie.

3.Gorputz eskemaren ezagutza urritasuna:Gaizki lateralizatuta dagoen haurrak,gorputzaren irudi akastun(urri)bat duenez bere orientazio egokirako behar dituen erreferentzia puntu zehatzak faltan izango ditu.

4.Transtorno pertzeptiboak:Irakurketan eta idazketan haurra bere koordenatuetan(gora-behera,ezkerra-eskuma) oinarritu behar da eta koordenatu hauek errepresentatutako zeinu bakoitzaren direkzio eta forman gauzatu egin behar ditu horrian.Gora-behera koordenatuak ongi bereizten ez dituen haurrak zailtasunak izango ditu letrak bereizteko.

2012/04/19

HEZKUNTZAN MURRIZKETAK

Hezkuntzan murriztera behartuko du PPk

Autonomia erkidegoek dute eskumena, baina murrizketak aginduko ditu PPk; «bai edo bai» egin beharko dituzte
Garikoitz Goikoetxea
Zenbakiak jarri ditu Espainiako Gobernuak, eta non murriztu ere bai: hezkuntzan eta osasunean 10.000 milioi euro gutxiago gastatu beharko dituzte aurten autonomia erkidegoek —tartean EAE Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak—. Argia da oharra, gainera: «bai edo bai» aurreztu behar da dirutza hori, eta, areago, defizit muga betetzen ez duten erkidegoen kontrola bere gain hartzeko mehatxua egin du gobernuak, Cristobal Montoro Administrazio Publikoko ministroaren bidez. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan da lehena erantzuten: «Auzitara joko dugu Raxoiren gobernuak gure eskumenak ukitzen baditu».

Gastua gutxitzeko agindu du Madrilek, nondik egin behar den ere bai, baina hortik aurrera apenas eman duen informazio gehiago. 10.000 milioi aurrezteko agindua bera ere prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuen herenegun arratsaldean. Kexu agertu da Zelaa: «Erkidegoen eskumenak ukitzen dituzten neurriak iragarri ditu Madrilek haiekin bildu gabe». Ondoeza agertu du Jose Iribasek ere, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, hedabideen bidez jakin duelako murrizketen berri. «Ezkutuan» aritzea salatu du EAJk.

Ez dago erabat argi zein eragin izango duten iragarpen horiek Hegoaldean. Hori nabarmendu du Iribasek: «Ikusteko dago nola eragingo diguten Nafarroan. Estatuko diru sail orokorrek ez diete eragiten gure proiektu askori».

Derrigortu egingo dituzte erkidego guztiak, Montororen arabera. «Legeak behartu egiten ditu». Defizita kontrolatzeaz harago, ordea, beste urrats bat ere egin nahi du Madrilek, zentralizatzailea: «Bikoiztutako eskumenak aztertuko ditugu, eta eskumenen oreka ere bai. Aurki egingo dugu».

Nafarroako neurriak eredu

Hezkuntzan emango dute lehen pausoa. Erkidegoen eskumena da, baina aginduak emateko prest dago Jose Ignacio Wert ministroa. Bilera bat egitekoa du Hezkuntza sailburuekin hurrengo astean; murrizketarako bideak jarriko dizkie mahai gainean.

Proposamen batzuk eginak badizkie Wertek PPren esku dauden erkidegoei, eta, berri agentzien arabera, oso litekeena da horiek berrestea gainerakoei. Nafarroan aurtengo ikasturterako hartutako neurri bat du esku artean Madrilek: irakasleei eskola ordu gehiago jartzea. Astean lau bat eskola ordu gehiago jarri nahi dizkie —21 edo 22—; horren bidez, irakasle gutxiago beharko lirateke, maisu-maistra bakoitzak talde gehiagotan emango lukeelako eskola. Nafarroan, sindikatuen arabera, 235 irakasle gutxiago ari dira aurten, neurri horren eraginez. Behar bereziak dituztenei laguntzeko-eta denbora gutxiago dute.

Montorok ez du baieztatu hori izango ote den hezkuntzan murrizketak egiteko hartuko duten bideetako bat, baina baietz pentsatzeko bidea jarri du: «Irakasleei ahalegin handiagoa eskatu behar zaie, jadanik erkidegoren batean egin dutenaren adinakoa».

PPren esku dauden erkidegoei proposatutako beste neurriak ikasleen kopuruarekin du zerikusia: talde batean egon daitezkeen ikasleen gehienezko kopurua igo egin nahi du PPk. EAEn, esate baterako, honako hauek dira gehienezko ikasle kopuruak taldeko: Haur Hezkuntzan 23, Lehen Hezkuntzan eta DBHn 25, Batxilergoan 30 eta Lanbide Heziketan 25.

Ikasleak gehiago pilatzea da Werten asmoa, irakasle gutxiago behar izateko hezkuntza sisteman. Frantziako Gobernuak azken urteetan egindako bide bera litzateke, azken batean: herrialdean milaka irakasle kanporatu dituzte, eta ikasleak pilatu egin dituzte taldeetan. Salaketa hori maiz egin dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere. CCOOk egin du kalkulua: 100.000 irakasle kaleratuko dituzte Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian.

Unibertsitatea, «oso garestia»

Ez da izango neurri bakarra. Unibertsitatean ere eskua sartzeko asmoa du Wertek; datorren astean, Hezkuntza sailburuak ez ezik, Unibertsitateen Kontseilua ere biltzekoa du. Kargua hartu zuenetik esan eta esan ari da ministroa: karrera gehiegi dago. Zenbaki bat ere eman du: unibertsitate ikasketen %42an ez dago nahiko ikasle karrera horiek ematea justifikatzeko. Gutxieneko ikasleen kopuruak handitu nahi dituzte, eta 55 estudiante izatea jar dezakete gutxieneko; zuzeneko eragina luke horrek Hegoaldean, eta handiagoa euskarazko ikasketetan, ikasle gutxiago izaten baitituzte —gaur egun, ikasle gutxiago eskatzen dira euskarazko ikasketetan gaztelaniazkoetan baino—.

Unibertsitateetan ikasketa berdinak ematea ere ez du ondo ikusten Madrilek; espezializatu egin behar dutela nabarmendu du. «Oso garestia» baita gaur egungo unibertsitate sistema, gobernuaren ustez. Hori esan du Montoro ministroak. Unibertsitaterako sarbidea mugatzearen aldeko dela iradoki du, nabarmenduz ikasketa horiek hasten dituztenen artean hamarretik lauk utzi egiten dituztela lehen urtearen ondoren. «Etsigarria da». Matrikulen prezioak igotzeko asmoa du Wertek.

2012/04/12

HAURRAREN AUTOESTIMUA

Hona hemen Berria egunkarian aurkitutako haurraren autoestimuaren inguruan hitz egiten duen elkarrizketa:

Amaia Vazquez. Psikologoa

 «Gaurko gurasoek beldurra diote gatazkari, eta gatazkak haurrak indartu egiten ditu»

Haurtzaindegian gero eta ordu gehiago pasatzen dituztela eta, haurren artean asko zabaldu da abandonatua izatearen sentipena, psikologoak dioenez. Horri aurre egiteko moduak proposatuko ditu.

Edu Lartzanguren
Nola landu gure seme-alaben autoestimua eta autonomia hitzaldia emango du gaur Amaia Vazquez psikologoak (Deustua, Bilbo, 1961). Haurren artean zabaldu diren gaixotasun asko abandonatuak izatearen sentipenetik datozela dio. Hitzaldia 18:00etan egingo du, Getariako udaletxean (Gipuzkoa).

 Haurren eta gazteen autoestimua indartzeko moduez mintzatuko zara. Horretarako beharra dagoela ikusten duzu? Oso nabarmena da gaur gaztetxoak segurtasunik gabe dabiltzala harremanetan zein eskolan. Gero eta nabarmenagoa da. Ezinezkoa zaie autonomiaz ibiltzea ez badute euren buruenganako konfiantzarik. Denbora gehiegi pasatzen dute eskolan, eta gero eta gutxiago gurasoekin. Abandonuaren sentimendua oso zabalduta dago. Oso azkar bultzatzen ditugu familiatik at gizarteratzeko, horrek izaera indartuko dielakoan, baina gero ez diegu esperimentatzen uzten benetan behar dituzten arloetan.

Zein arlotan, esaterako? Haurtzaindegira eramaten ditugu 4-5 hilabeterekin, baina gero 6 urterekin motxila egiten diegu ikastolara joateko. Ez dugu ongi ikusten 11 urterekin neska-laguna edo mutil-laguna izatea, gazteegiak direlakoan. Guraso batzuek etxeko lanak egiten dizkiete, ikasturtea berriz egin behar izan ez dezaten. Ez diegu uzten bizitzan benetan esperimentatu behar direnak esperimentatzen, eta gizarteratzen ditugu baliabide emozionalak izan gabe; horretan dago gure kontraesana. Oso eremu labainkorretan gabiltza.  

Haurren artean zabaltzen ari diren gaitzetako asko —asma, hiperaktibitatea— abandonatuak izatearen sentipenak sortu dituela uste duzu? Segurtasun falta horretatik datoz gaitz horietako asko. Emozioak ez badira kudeatzen, gaixotasun bihurtzen dira. Hiperaktibitatean, esaterako, haurrak euskarri emozional bat behar du, baina horri kasu egin beharrean, medikaziora jotzen dugu. Horrela interpreta ditzakegu bullying-a eta eskola porrota ere.  

Zer-nolako bideak proposatzen dizkiezu gurasoei? Lehenbizi, onartu egin behar ditugu dauzkagun seme-alabak. Onartu behar ditugu dituzten zailtasunak, eta ez dugu horien kontra joan behar. Elkartasuna izan behar dugu, eta gutxiago eskatu behar diegu. Gaur, gehiegi eskatzen diegu haurrei, eta presioak ahuldu egiten ditu. Haurrekin egon behar dugu, eta ez diegu arazoei beldurrik izan behar. Gaurko gurasoek beldurra diote gatazkari, eta gatazketan indartu egiten gara eta gure izaera osatu egiten da.

Autoestimua lantzeko prozesuan, badira adin tarte kritikoak? Lehenengo bi urteak oso garrantzitsuak dira. Haurtzaindegien planteamendua beste modu batez antolatu beharko genuke, Europan bezala, askoz haur gutxiagorekin, eta lan baimen zabalagoak eman gurasoei. Haurrak figura sendoa behar du inguruan.  

Proposatzen duzunak denbora eskatzen du. Nondik aterako dute gurasoek denbora hori? Eskaerak leku okerrean egiten ditugu. Finlandian aspaldi konturatu ziren haurren zerbitzu psikiatrikoek sekulako kostua zutela. Sistema aldatu zuten: gurasoen baimenak luzatu eta haurtzaindegien planteamendua aldatu zuten, eta horrek ekarri zuen haurren buruko gaitzak murriztea. Guk beti begirada helduarengan jartzen dugu, eta begirada hori aldatu behar dugu. Begirada haurrengan eta gaztetxoengan jarri behar dugu.

2012/04/02

HAURRAREN JOLAS-AROAK

Jean Piaget psikologoak hiru aro bereizi ditu haurren jolasetan. Haurraren bizitzaren lehenengo bi urtetan, jolasa sensomotorea da, hau da, bere mugimenduak ezagutu eta bere zentzumenak pizteko jarduerekin loturik dago eta jarduerak hauek aldatuz eta behin eta berriz errepikatuz gozamena lortzen du. Aro honen barnean ere, aldi zenbait bereizten dira: 6 hilabetera arte, haurrak aho, hatz, esku eta oinekin jolasten da, objektuak ikutuz eta zurrupatuz. Eseritzen ikasten duenean, objektuak ezaugarriak arakatuz jolasten da. Oinez ikasten duenean, gauzak arrastaka eramanez jolasten da. Gero eta trebezia handiagoz, 15-18 hilabeterekin objektuak manipulatzen ditu: kaxak ireki edota objektuak bata bestearen gainean jarriz. 

Bigarren aro batean, 2 urtetik 6 urtera bitartean, jolas sinbolikoa garatzen da. Errealitatean bizi edo jasotakoa eraldatu eta bere burura egokitzeari ekiten dio modu sinboliko batean. Adibidez, puxtarriak pilatuz, oiloak arraultzak erruten dituela irudika dezake eta panpinetan jolastuz alegiazko haurrak zaintzen ditu. Jarduera fisikoak ez dituzte baztertzen eta korrika eta saltoka egitea ere atsegin dute. Piageten arabera, jolas sinbolikoa haurraren egozentrismoa indartzeko aukera ematen dio, errealitatea bere nitasunera egokituz. 6 urtetik aurrera, haur-jolasen hirugarren aroa zabaltzen da, non haurrak erregelak dituzten jolasetan hasten den, jolaskide-talde batean kooperazioa eta lehia bereganatuz. Erregela-jolasen bitartez, haurrak errealitatea onartu egiten du. Aro honetan, gainbehera doa jolas sinbolikoa: haurrak errealitatea onartzen duen heinean, errealitatea jolas sinbolikoaren bitartez eraldatu baino, errealitatean parte hartzen joango da.